MEATZALDEKO GEOLOGIA ETA HISTORIA

Trianoko Mendiak erromatar garaitik ezagutzen dira, ugaria eta kalitate handikoa baitzen hango burdina. Duela gutxi, arkeologiari esker egiaztatu ahal izan da bertan erromatarrak egon zirela (K.o. III-IV. mendeko zeramika azaldu baita). Eta horrek zenbait historialarik esandakoa berrespen du. Adibidez, Plinio Zaharrak, K.o. I. mendean, Iberiar Penintsulako iparraldean "burdinazko mendi handi" bat zegoela esan zuen.

Beraz, inguru honen protagonista nagusia burdina dela esan daiteke. Mineral honek eragin erabakigarria izan zuen gure herrialdeko ekonomian, gizartean, ingurugiroan eta abarren. XIX. mendearen erditik Bizkaia eta, neurri batean, Euskal Autonomia Erkidegoa modelatu zituen mineralak.


Dena dela, XIX. mende amaiera arte ez zuten gehiegi ustiatu; batez ere, 1876-1930 bitartean jasan zuen "meatzaritza ustiaketa handia" izenez ezagutu den fasea. 

XIX. mendea baino lehen, mendien goialdean ez zegoen meatzarien auzorik. Jendea Somorrostro bailarako (Trapagaran-Muskiz) herrietako baserrietan bizi zen. Baserritarrak udan mendiko minerala erauztera igotzen ziren. Ondoren, idiz edo mandoz tiratutako gurdien bidez jaisten zuten minerala ibai aldera; eta hortik banatzen zuten burdinoletara.

Ordura arte Trianoko eta Galdamesko Mendiak haritzez, gaztainondoz eta bertako beste hainbat espeziez osatutako basoz estalirik zeuden. Arestian aipatutako meategiez gain, baserritarren ekonomiarako oinarrizko aberastasun iturri ziren baso horiek; izan ere, basoko ekoizpenak ateratzeko -egurra, egur ikatza, fruituak...- eta abeltzaintzarako erabiltzen ziren.

Egoera horrek aldaketa handia izan zuen, batez ere XIX. mende erdialdetik aurrera, Industria Iraultzaren eraginak gero eta nabarmenagoak ziren heinean. Garai horretan, mineralak erauzteko lehergailuak erabiltzea ohiko bihurtu zen. Erauzketa lana "aire zabalean" egiten zen, harrobietan egiten den antzera; izan ere, burdina lurrazalean zegoen.

Erauzketa sistema horrek ingurumenaren gaineko eragin handiak sortu zituen. Inguru hori landarerik eta animaliarik gabe geratu zen; eta horrek ingurunean aldaketa handia eragin zuen: "burdinazko mendia" desagertu egin zen, "ilargi paisaiaren" tankera hartu zuen, zulo handiz, harkaitz soltez, hondakindegiz... beterik.



Gaur egun ere, nabarmenak dira meatzaritza jarduerak utzitako "arrastoak", azpiegitura hondarrak eta aintzira artifizialak -alegia, aire zabalean geratutako meatze zaharrak lur azpiko urez beterik-. Horrek guztiak oso paisaia berezia sortu du, giza jardueren ondorioz guztiz aldatu den paisaia berezia, hain zuzen ere.

                                        

Behin minerala harrobietatik erauzten zenean, plano inklinatuen eta aire tranbien bidez (funikular eta teleferikoen antzekoak, hurrenez hurren) jaisten zuten bailarako tren geltokietara. Meatze tren horiek ibairantz eta kostalderantz garraiatzen zuten burdina, bai atzerrira eramateko eta bai -1902. urteaz geroztik- Bizkaiko Labe Garaietara eramateko ere.

XIX. mende bukaeran meategi hori munduko garrantzitsuena bilakatu zen honako ezaugarriak zirela bide: burdina ugari eta kalitate handikoa, minerala erauzteko erraztasuna, laneko kostu urriak eta itsasoarekiko hurbiltasuna -horrek garraioa asko errazten zuen-. Horrela, eremu horretan beste estatuetako enpresak kokatu ziren, esaterako: Orconera (ingelesa) eta Franco-Belga. Enpresa horiek eman zieten, hain zuzen, behin betiko bultzada meategi horiei.


Mineralaren gehiegizko ustiaketak eskulan ugaria zuen beharrezko; hori zela eta, langile askok immigratu zuen eskualde horretara, Euskal Herriko beste zenbait eskualdetatik, Gaztelatik, Galiziatik, Aragoitik... immigratu ere. Horrela, langile horiei ostatu emateko meatze auzo ugari sortu ziren; esate baterako, La Arboleda auzunea 1877an.

Auzune horien isolamenduak eta azkar eta inolako antolakuntzarik gabe eraiki izanak bertako biztanleak bizi baldintza kaskarretan bizitzea eragin zuen. Egurrezko etxebizitzak (horietako hainbat oraindik ere ikus daitezke La Arboleda auzoan) eta meatzaritzako enpresek eraikitako barrakoiak ziren nagusi (langile asko pilaturik bizi ziren gela bakarreko pabiloi luzeak).

Lan baldintza kaskarrez gain -gehiegizko lanaldiak, soldata txikiak, kanpoan estalperik gabe lan egitea, istripuak...- bizi kalitate urria izateak hilkortasun tasa handia eragin zuen -osasuna kaltetu baino egiten ez zuten etxebizitzak, higiene urria, jateko gutxi...-. Hilkortasun tasa asko handitzen zuten, gainera, etengabeko izurriteek (kolera, tifusa...).



Egoera hori are larriago bilakatu zen "derrigorrezko dendak edota kantinak" zirela bide. Denda edo kantina horiek meatze enpresek jarri zituzten eta langileburuek gobernatzen zituzten. Meatzariak behartuta zeuden denda horietan erosketak egitera; egin ezean, langileburuek ez baitzien lanik ematen. Dendetako jabeak egoera horretaz baliatzen ziren egoera kaskarrean zeuden produktuak garesti saltzeko. Gainera, meatzariek lan egiten zuten egunak baino ez zituzten kobratzen; alegia, euria zela eta lanik egiten ez zutenean eta gaixorik zeudelako edota istripuren bat jasan zutelako lanik egiten ez zutenean, ez zuten kobratzen. Ondorioz, zenbait hilabetetan meatzariek ez zuten sosik ere ikusten; eta batzuetan, gainera, langileburuari zorretan geratzen ziren.

Baldintza negargarri horiei aurre egiteko eta beren eskubideak defendatzeko, meatzariak elkarteak sortzen hasi ziren. Ondorioz, eskualde hori langile mugimenduek , izan zuten garapenagatik ere garrantzitsu bilakatu zen. Langile mugimendu horiek orientabide sozialistako sindikatuak zituzten, batez ere, buru. La Arboledako plazan dago UGT sindikatuaren -1888an sortutako sindikatua- eta kutsu katolikoa zuen Leon XIII.a Langileen Elkartearen egoitza -1906an sortua-.

Burdin meatzeak XX. mendeko laurogeiko hamarkadara arte jarraitu zuten ustiatzen.

Azkenak Gallartan (Bodovalle) itxi ziren 1993an. Meatzeak ixtearekin batera, jendea ibai aldeko industrietara joan zen eta meatze auzune asko desagertu egin ziren edota biztanleria neurri handi batean murriztuta ikusi zuten. Esate baterako, La Arboleda auzoa garai batean 3.000 biztanle baino gehiago izatetik gaur egun 600 baino gutxiago izatera igaro da.

Meatzeak ixten joan ziren heinean, gizakiak ingurunean eragindako presioa ere murriztuz joan zen, eta natura lehengoratzen hasi zen.

"Ilargiko paisaia" horretako lurrak oso hondatuta geratu baziren ere, pixkanaka-pixkanaka espezie kolonizatzailez hasi dira -belarrak, otea...-, baina, hala ere, lurzorua hain pobrea izateak -meatze ustiaketen ondorioz- asko zailtzen du zuhaitz itxurako espezieak lurzoru horretan haztea.



Gaur egun, auzune horietan bizi direnek industrialdeko enpresetan egiten dute lan. Abeltzaintzak ere badu garrantzia, behi, zaldi, ardi eta ahuntzenak, hain zuzen. Era berean, zerbitzuen sektorea -batez ere La Arboleda auzunean- indar handia ari da hartzen -jatetxeak, zaldiak alokatzea...-; izan ere, giza jardueraren ondorioz hainbeste aldatu den inguru horrek aisiarako eta kultur ekintzetarako aukera paregabea eskaintzen du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario